jueves, 28 de febrero de 2013

Euskara


Euskaraz hitz egiteagatik Guardia Zibilak atxilotutako gazte bat epaitu dute Iruñean


Erresistentzia larria egozten zioten hasieran, baina fiskalak dio epaitutako gertaera hutsegitea baino ez dela


Lizarrako bizilagun ugarik azaldu diote elkartasuna Ekhiotz Prietori; lehena da, ezkerretik.

Iazko martxoaren 26an, Lizarrako Alde Zaharrean bi guardia zibil zazpi gazte identifikatzen ari ziren, eta Ekhiotz Prietok, haiengana hurreratu ostean, zer gertatzen zen galdetu zuen, euskaraz. Guardia zibilek ez zutenez ulertu, esandakoa itzultzeko eta nortasun agiria emateko exijitu zioten. «Ni euskaraz aritzea irain gisa hartu zuten; edo zerbait ezkutatzen ari nintzela uste izan zuten», azaldu du Prietok. Handik aurrera, tentsioa piztu zen, eta guardia zibilek Prieto atxilotu eta autoritateari erresistentzia larria egin izanaren delitua egotzi zioten. Prietok adierazi duenez, sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuten bere aurka. Atzo izan zen auzi saioa, Iruñeko Zigor Arloko lehen epaitegian, eta epailearen erabakiaren zain dago auzia. Dena den, fiskalak ondorioztatu du deliturik ez dela izan eta epaitutako gertaera hutsegite bat baino ez dela.

Baikor hartu du fiskalaren jarrera Arantza Izurdiaga defentsa abokatuak. «Horrek esan nahi du gertaerak ez duela nahikoa garrantzirik eta larritasunik delitua izateko». Izurdiagak gaineratu duenez, hutsegite edo falta baten kasuan «ez da ezartzen zigor aurrekaririk, ez dago espetxe zigorrik, eta epaiketetan ez da beharrezkoa abokatu batekin etortzea». Auzi saioaren amaieran eman du fiskalak erabakiaren berri, eta Prietok aitortu du «lasaitua» hartu duela.

Prozedura laburtuko auzi saioa izan da, eta 45 minutu iraun du. Izurdiaga abokatuak zehaztu duenez, ez epaitu identifikazioa eskatu aurreko zergatia, baizik eta nolakoa izan zen atxiloketa. Dena den, guardia zibilek ukatu egin dute euskaraz aritzeagatik atxilotu zutela. Defentsaren hiru lekukoek, berriz, kontrakoa adierazi dute.

Izurdiagaren esanetan, bi bertsio kontrajarri izan dira auzi saioan, eta deklarazioa egiterakoan guardia zibilak «kontraesan ugari» izan dituzte. Adibidez, iragan martxoaren 26ko atestatuan, guardia zibilek adierazi zuten hura atxilotzerakoan borroka egin eta bultzaka eta kolpeka ibili zela Prieto: «Epaiketan, ez dute jakin azaltzen borroka hori. Koartelera eramatearen kontra azaldu zela esan dute, baina batek esan du bultzaka sartu behar izan zutela autoan, eta besteak, lasai sartu zela».

Prieto «nahiko lasai» egon da epaiketan. Gertaera haiek gogoan, uste du euskaraz hitz egitea irain moduan hartu zutela poliziek. Azaldu du «sorpresaz» hartu zuela lehen erreakzio hura. Une hartan jendetza zegoen, eta urduritasuna handitu egin zen. Jendea lasaitzen ibili zela azaldu du, baita bere nortasun agiria ematerakoan guardia zibilek irain egin ziotela ere. «Ekhiotz izenarekin txantxan jarri ziren. Zer izen jartzen dizkiguten eta abar...». Haren ustez, gurpil zoro bat eratu zen. Epaiketaren zain eman duen urtebetea luzea izan da, eta kalean zein errepide kontroletan hainbat aldiz topo egin du bi guardia zibilekin. Egun batean, batek mehatxu egin zion, zigor handia jasoko zuela esanez.

Lizarrako 30 lagun inguruk elkatasuna adierazi nahi izan diote Prietori. Argazkia ateratzeko pankarta ireki dute, eta handik gutxira Foruzaingoak hiru lagun identifikatu ditu alboko taberna batean.